Espainiako pertsona aterpetuentzako laguntza zuzeneko jarduerak Ordenak Ukrainan eta Polonian dituen zentroetarako elikagai eta osasun-materiala bidaliz osatzen dira.
San Juan de Dios: Euskadiko Autonomia Erkidegoan aterpetuta dauden 28 ukrainarrentzako leku segurua
Arrasateko eta Donostiako San Juan de Dios Ospitaleek gerratik ihesi datozen 28 pertsona iheslari aterpetzen dituzte, MISMMek finantzatutako programa baten barruan.
San Juan de Diosen Ospitale Ordenak 400dik gora iheslari aterpetzen ditu gaur egun Espainian, 17 zentrotan.
Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataritzaren (UNHCR) arabera, Ukrainako gerraren ondorioz, lehenengo aldiz gainditu da indarrez desplazaturiko 100 milioi pertsonako kopurua
Donostia – Arrasate, 2022ko uztailaren 18a.- Donostia eta Arrasateko San Juan de Dios Ospitaleak berehala mobilizatu ziren joan den otsailaren 24ko Errusiaren erasoaren ondoren Ukrainako gerrak eragindako ondorio humanitarioei aurre egiteko, eta gaur egun 28 pertsona dituzte aterpeturik
Baliabide hori abian jartzea erronka izan zen “baina egin behar genuena zela konbentziturik egin genuen; izan ere, pertsonarik zaurgarrienak artatzea da gure izateko arrazoia”, azaldu du Asier Juanek, proiektuaren koordinatzaileak. “Gure asmoa zen bizi izandako une latzen ondoren espazio seguru bat eskaintzea, eta uste dut lortu dugula; izan ere, gehien balioesten dutena une hauetan lasaitasuna eta hurbiltasuna direlako”.
Yuliana N. Arrasateko San Juan de Dios Ospitalean hartu dute bere seme-alabekin. Kievetik iritsi zen, eta hauxe dio: “orain lasai nago, eta bizi izan dugun guztia ahaztu nahi dut”. Horrekin bat dator Liubov S., Donostiako San Juan de Dios Ospitalean bere hiru bilobekin dagoena, eta gehitu du “instalazioak erosoak izateaz gain, laguntzen gaituzten pertsonak zoragarriak dira”.
Haien historia zuzenean ezagutu nahi baduzu, bideo hau ikus dezakezu.
Ostatua eta jatekoaz gain, familiek arreta indibidualizatua eta integrala jasoko dute, eta horregatik hartu dituzte programaren koordinatzaileak eta talde multiprofesionalak, lan sozialeko eta interpretazioaren alorreko profesionalak biltzen dituen taldeak. Helburua artatutako pertsonen ongizatea eta gizarteratzea lortzea da.
San Juan de Dios Ospitaleek 28 plaza kudeatzen eta koordinatzen dituzte; horietako 8 Donostiako ospitalean eta 20, Arrasateko ospitalean. Espainiako hainbat tokitan San Juan de Diosen Ospitale Ordenak duen proiektuaren parte dira. Programa hori Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioen Ministerioak finantzatzen du.
“Pertsonarik zaurgarrienei arreta egitea da gure izateko arrazoia; horregatik jarri dugu abian Espainiako San Juan de Diosek lan egiten duen eremu guztitan gauzatzen ari den kanpaina berezi hau, ordenak Europan dituen gainerako zentroekin koordinatuta, batez ere Ukrainan eta Polonian –azaldu du Juan Jose Alfonsok, Ospitale Ordenaren Espainiako zuzendari nagusiak. Horren barruan dago, pertsona iheslarien arreta sozial, sanitario eta humanitarioa, antzeko beste egoera batzuetan egin dugun bezala, esaterako, iaz, Afganistanekoekin”.
Alde batetik, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioen Ministerioarekin indarrean zen harremana dela medio, San Juan de Diosen ordenaren Harrera eta Nazioarteko Babeserako programaren bidez, 2017an abian jarri zena, 73 plaza prestatu ziren Ukrainako familia iheslarientzat, eta Manresa, Ciempozuelos eta Leongo zentroetan hartu dituzte. Gainera, Larrialdia izeneko beste programa bat abian jartzea ere koordinatu dugu, eta San Juan de Diosen ordenako 12 zentroetan 335 plaza prestatu dira eta beste bi, Ospitaleko Ahizpek.
San Juan de Dios Ukrainan eta Polonian
Ospitale Ordenak Gizarte Laguntzarako Gunea dauka duela 20 urtez geroztik Drohobich hirian, Poloniarekiko mugaren ondoan eta Leopolisetik ordu eta erdira autoz. Han San Juan de Diosen ordenako hiru Anaia daude, bertako parrokoarekin eta Caritasekin lan egiten dutenak: Janaria, botikak eta oinarrizko bestelako produktuak ahalbidetzen dizkiete ihesian hurbiltzen diren pertsonei. Azkeneko asteetan, egunean 150 bat lagun artatzen dituzte; guztira, 10.000 inguru, gatazka hasi zenetik.
Polonian Ordenak ere badu presentziarik, eta han 100 bat laguni ematen zaio laguntza eta ostatua astero herrialde osoan barreiatuta dauden 14 zentro sozial eta sanitarioetan. Beharrizan guztiak betetzeko, San Juan de Diosen “Larrialdia Ukrainan” kanpaina jarri zen abian martxoaren 4an hainbat herrialdetan, eta Espainian, Juan Ciudad ONGDk koordinatzen du. Gaur egunera arte, 300.000 euro eta hainbat osasun-material, higiene material eta elikagai bildu dira Ukrainatik ihesi datozen pertsonak artatzeko.
Historian lehenengoz, 100 milioi pertsona desplazaturik
2022 urte honetan, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren, indarrez desplazatu behar izan duten pertsonen kopuruak 100 milioiko zifra gainditu du historian lehenengo aldiz; halaxe adierazi du UNHCR erakundeak argitaratu berri duen “Tendencias Globales” txostenean. Horrek, munduko biztanleriaren % 1 baino gehiago adierazten du. Desplazamendu hauen arrazoien artean daude gatazka armatuak, indarkeria egoerak eta giza eskubideen urraketak.
Ukrainako gerrak eragindako larrialdi egoeraren kasuan, otsailaren 24az geroztik, gutxienez 7,6 milioi pertsona irten ziren herrialdetik gatazkaren ondorioz. Horietako batzuk itzuli dira, eta orain, ACNURek zenbatetsi du 5 milioi ukrainar errefuxiatu inguru daudela Europan. Espainia, gainera, ukrainar gehien hartu dituzten herrialdeetatik bosgarrena da (120.000 inguru), Ukrainaren mugakide diren herrialdeez gain; izan ere, Poloniak 1,1 milioi errefuxiatu hartu baititu, gatazkatik ihesi doazen pertsonentzat irteera nagusia delako.
Arrasate eta Donostiako San Juan de Dios Ospitaleak
Helburu nagusia gaixotasun mentala duten pertsonei laguntza integral eta integratua eskaintzea da, komunitatean zaintzen jarraitutasuna sustatuz eta San Juan de Diosen Ospitale Ordenaren balioen arabera jardunez. Barruan nahiz kanpoan, gure arreta psikiatrikorako ereduagatik aintzat hartzen den erakundea izan nahi dugu, eta Gipuzkoa lurralde historikoaren barruan arreta psikiatrikoko zerbitzu-sarea eskaini nahi dugu.
Jardunbidean erakunde bikaina izateko lan egiten dugu, baliabideak eta gaitasunak eraginkortasunez kudeatzen dituena; halako eraz non lortutako emaitzek erakundearen etorkizuna eta profesionalen, gizartearen eta, bereziki, bezeroen gogobetetasuna bermatuko duten.
Gaixoen eta gizarte nahiz osasun arloetan beharra duten pertsonenganako laguntzaren balio nagusia HOSPITALITATEA edo ABEGI ONA da. Balio horrek laguntza integral eta humanizatua sustatzen du, honako balio hauek gidari dituela: kalitatea, errespetua, erantzukizuna eta espiritualtasuna.
San Juan de Diosen Ospitale Ordena
San Juan de Diosen Ospitale Ordena irabazi asmorik gabeko nazioarteko erakundea da, eta pertsona behartsuenak sendatzea eta zaintzea du helburu, zentroan kokatuz eta haien dimentsio fisikoa, psikologikoa, soziala eta espirituala jagonez.
Ia 500 urteko esperientzia du pertsona gaixoen eta gizarte bazterkeria pairatzen dutenen zaintzan eta babesean; Ospitale Ordenak bere konpromiso sanitario, soziosanitario eta sozialari eusten dio, San Juan de Dios haren sortzaileak, gehien behar zuten pertsonenganako arreta iraultzera eraman zuten balio berberetan oinarrituz, gizakia duinduz, haren egoera edozein dela ere.
San Juan de Diosen ordenaren Hospitalitate kontzeptuak muga guztiak gainditu ditu. Espainian, San Juan de Dios España Probintziak urtean ia bi milioi pertsona artatzen dituzten 80 zentro biltzen dituen sarea du: osasun zentro, soziosanitario, irakaskuntza eta ikerketa arloetakoak.
Espainian, gaur egun 180 anaia ditu ordenak; 15.000 profesional, 5.000 boluntario eta hainbat eta hainbat dohaintza-emaile eta ongile.
San Juan de Diosen ordenaren nazioarteko presentzia eta jarduera bost kontinentetan gauzatzen da, 37.700 ohe edo plaza baino gehiago eskaintzen dituzten 405 zentrotan. Horretarako, 65.000 profesional ari dira lanean, urtean 35 milioi arreta eskaintzen dituztenak. Gainera, 1.020 anaia eta 25.300 boluntario ditu.