Ana Elías Aizpuru eta Emilio A. Martín Tejedor (Arrasateko San Juan de Dios Ospitaleko psikologoak) eta Elixabete Mendía Aranguren (Almen ikastolako psikologo eta orientatzailea).

Arrasateko San Juan de Dios Ospitaleak ikastetxe askoren bisita jasotzen du urtero; batxilergoko lehenengo mailako ikasleak dira batik bat, eta “Ezagutu ospitalea” programaren barruan, buruko gaixotasunen gaiarekin lehenengo harremana izaten dute. Bisita eta ikasleekiko harremana erreferentzia-puntu positibo bat izaten dira pazienteentzat, bisitetan ikasleekin izaten dituzten elkarrizketetan errealitatearekiko erreferentziarako elementu diren aldetik. Beste alde batetik, pazienteak ere erreferentzia-puntu dira ikasleentzat, pazienteek euren bizitzako uneren batean hartutako erabaki batzuk ikasleek euren har ditzaketen erabakiak izan daitezkeela eta epe labur, ertain edo luzean, ondorio bat dutela ikusten dutelako, eta hori errealitateko eta ikasteko elementu bat ere bada. “Nik zugandik ikasten dut, eta zuk nigandik ikasten duzu”. Errealitate hori gure bizitzan une oro gertatzen da, guztiok eragiten diogulako elkarri, eta ondorioz, denok gara zerbait eskaintzeko gai. Besteengandik ikasteko gai gara denok, eta aldi berean, denok dugu, hein batean edo bestean, besteen ikaskuntzari ekarpenak egiteko gaitasuna. Ikaskuntza “desberdinen” artean ere gertatzen da, familiako ezaugarri sozioekonomikoak kontuan hartzen baditugu, gainera, ia antagonikoak izanik.

Arespalditzan egindako esperientziaren xedea –Almen ikastolako batxilergoko lehenengo mailako neska ikasleen eta San Juan de Dios ospitaleko pazienteen elkarbizitza– izan zen ospitalea eta ikastola berez diren inguru protesikotik kanpo, benetako eskaera-egoeran jartzea pazienteak eta neskak, bi taldeentzat ezezaguna zen errealitate baten aurrean, alegia, eta antolatzeko eta elkarrekin bizitzeko gai zirela erakustea, ikasleek zituzten aurreiritziak eta pazienteek zituzten mota guztietako eragozpenak atzean utzita. Asmoa zen eurak bihurtzea eragile terapeutiko, eta denon artean, errehabilitaziorako prozesu berriak sortzea. Proiektu horren oinarri teorikoa, eta haren trazagarritasuna, zeharkakotasunean aurki daiteke, a priori hain desberdinak diren bi ereduk partekatzen edo komunean duten horretan, oso eremu desberdinetan aplikatzen delako; hala nola, irakaskuntza (adoleszente edo nerabeen garapen positiborako eredua) eta buruko osasuneko eremuan (errehabilitazio psikosozialerako eredua). Eredu biek pertsonaren gaitasun eta trebetasunak dituzte abiapuntu, ez dituzte mentsak edo eragozpenak nabarmentzen. Bi ereduen zeharkakotasuna oso begi bistakoa izan zen esperientzia horretan, eta bi eredu horiek partekatzen dituzten kontzeptuei buruzko gogoeta egitea ahalbidetu digu.

Adoleszenteengan pentsatzea, hitzaren etimologiari kasu eginez: adulescere hitzak “hazi” esan nahi du. Hazkunde pertsonalerako adinari buruz ari gara, independentziarako jauzi hori egiten den uneari buruz. Gaztetasuna agertuko da, materialki eskuratutako autonomia benetan gauza daitekeenean. Bilakaera-prozesu hori zehazterakoan ezaugarri berriak hartu behar ditugu kontuan. Pubertaroaren ondoren zenbait aldaketa gertatzen dira neska-mutikoak bizimodu autonomoari ekitera, ikertzera, afektuzko lotura berriak sortzera bultzatzen dituztenak. Hori diosku psikologia ebolutiboak (Siegel, 2014). Beste alde batetik, neurozientziak dio adoleszentzia edo nerabezaroa deitzen dugun hori ikasteko gaitasunaren hazkunde izugarriarekin batera datorrela. Adoleszentzia deitzen duguna iristean, emozioan eta emozioen erregulazioan inplikaturik dauden garuneko sistemen arteko oreka aldatzen da, berrikuntzak bilatzeko, arriskuak hartzeko gogoa eta berdinen arteko harremanengatiko interesa handitu egiten dira. Orain arte, lobulu frontalaren heltze mantsoari egozten zitzaion nerabeek euren oldarkortasuna kontrolatzeko duten eragozpena. Baina Goldberg-ek (2002), sistema exekutiboetan espezializaturik dagoen neurologoak, uste du litekeena dela errealitateak guk pentsatzen dugunaren oso bestela funtzionatzea. Ez da alde frontalen heltze berantiarra nerabeen arduragabekeriaren arrazoia; aitzitik, arduragabekerian, modu babeslean, heztea da neuronen heltzea atzeratzen duena. Jakina, hainbat arrisku ere badakartza horrek. Horregatik da hain garrantzitsua indarguneak maneiatzen ikastea, hala nola: berrikuntzak bilatzea, inplikazio soziala, emozioen intentsitatea handitzea eta sormenezko esplorazioa (Siegel, 2014). Nahasmendu mental larriak dituzten pertsonen eragozpenak alderdi kognitiboaz harago doaz, eta sarritan, agertzen diren eragozpen horiek guztiek egiten dute “ia” ezinezkoa izatea edozein errehabilitazio-prozesu. Baina “ia” hori azpimarratu behar dugu, eta haien esku ardurak jarri behar ditugu, har ditzaketenak, asko edo gutxi, kontuan hartuta bakoitzaren ahalmenak eta gaitasunak. Finean, “baliozkotzat jo” behar ditugu.

Aurreko lerroaldean esandakoarekin lotzen den beste alderdi garrantzitsu bat da nerabeengan ditugun iguripenak handitu beharra, bai eta nerabeek eurengan dituztenak ere. Berez, nerabezaroa aukeren sasoia dela onartzearen ondorioa da. “Baliabide ebolutibo” kontzeptua sortu zuen Peter L. Bensonen ikertzailearen ustez, nerabeei mesede egiteko, haiengan ditugun iguripenak handitu behar ditugu. Horrek barnean hartzen du gazteei zeregin erabilgarriak ematea erkidegoaren barruan eta besteenganako zerbitzua sustatzea (Benson, 2004). “Gazteentzako hezkuntza positiboa” mugimenduaren sustatzaileetako bat izan zen. Era berean, nahasmendu mental larria duten pertsonekin lan egiten dugunok lehenak izan behar dugu haiengan ditugun iguripenak aldatzen, tresna berriez hornituko dituzten esku-hartze prozesuak sortzen, lortu nahi badugu behintzat, haiek eurengan dituzten iguripenak alda ditzaten eta gai izan daitezen baliozkotzat jotzeko eta autoestimuaz jabetzeko.

Marina, Rodriguez de Castro eta Lorentek “Nuevo paradigma de la adolescencia” liburuan aipatzen dute talentua dela “adimenaren erabilera egokia, helburuak ondo hautatzeko, eta horiek lortzeko behar diren ezagutzak, emozioak eta trebetasunak mobilizatzeko eta hori egitean, norberaren aukerak handitzeko”. Talentua egoera askotan aplika daitekeen kontzeptua da. Badira haurren talentua, nerabeen talentua, helduen talentua eta nagusien talentua. Une bakoitzean, talentua da adinari dagozkion “zeregin ebolutiboak” betetzeko modurik onena, dauzkan baliabideak erabiliz edo entrenamenduaren edo kanpoko laguntzaren bidez, ez dauzkanak lortuz. Nahasmendu mental larria duten pertsonek ere “talentua” izaten jarraitzen dutela onartu behar dugu. Zalantzarik gabe, talentu hori ukitua, baldintzatua edo murriztua egon liteke. Baina erronka da oraindik badituzten ahalmen eta gaitasunak balioestea eta “hazten jarraitzea” ahalbidetzea, eguneroko bizimoduak agertzen dizkien beharrizanetako batzuei erantzun diezaieketen tresnak direlako.

Agian esan liteke nerabearen zeregin ebolutibo nagusia bere bizitzaren agintea hartzea dela, autonomo izaten eta bere identitatea eta rol sozial berriak finkatzen ikastea. Hori kontuan hartuta, hezkuntzak zeregin ahalduntzailea eta askatzailea eduki behar du. Garapen positiboko eredua ongizatean oinarritzen da, bereziki azpimarratzen du baldintza osasungarrien existentzia eta osasunaren kontzeptua zabaldu egiten du bertan sartzeko ongizate pertsonal edo sozialari eusteko beharrezkoak diren trebetasunak, portaerak eta gaitasunak ere (Benson et al., 2004). Hernandez Monsalvek (2011) Errehabilitazio Psikosozialaren eredua osasun mentaleko esku-hartzearen dimentsio gisa definitzen du; eta osasun mentaleko arazo iraunkorrak –eguneroko bizimoduaren garapena eta euren helburu pertsonalena mugatzeko bezain larriak– pairatzen dituzten pertsonek eguneroko bizimoduan jarduteko (bizitzeko ataza) eragozpenei aurre egiteko estrategien multzoa aipatzen du.

Benson eta Hernandez Monsalvek bi ereduen zeharkakotasuna deskribatzen dute, elkarbizitza honetan zehar ikasleek eta pazienteek erakutsi zuten bezala.

William Damon jo daiteke nerabeen Garapen Positiboko ereduaren aitzindaritzat, eta Stanford Center on Adolescence-n egiten dituen lanek agerian utzi dute gazteek ongizate komuna bilatzeko eta gizartearen hobekuntza lortzeko duten konpromisoa funtsezko elementua dela loraldi eta garapen positiborako. Damonen abiapuntua haurtzaroaren eta nerabezaroaren ikuspegi positiboa da, uste baitu haurtzaroaren hasiera-hasierarik erakusten dutela haurrek enpatia eta portaera prosozialerako berezko jarrera; zeina apurka aldatzen joango den, baldin eta aldeko testuingurutan bizi badira, euren gizartearekiko konpromiso aktibo batez inguratuta. Psikologia positiboaren iritziz psikologiak interes handiagoa eduki zuen gizakion mentsen eta urrakortasunen azterketan haren gaitasunetan eta indarguneetan baino. Hori begi bistakoa da nerabezaroaren kasuan. Errehabilitazio psikosozialerako ereduak pazienteak oraindik badituen indarguneak nabarmentzen ditu, eta gaitasun horiek egokitzen ahalegintzen da “hazkunde” prozesua gerta dadin.

Alfredo Olivak eta bere kideek nerabeei aplikatzen zaizkien hainbat galdetegi egokitu dituzte gaztelaniara. Emaitzek erakusten dute harreman positibo nabarmengarriak daudela indarguneen eta bizitzarekiko asebetetasunaren, enpatiaren, autoestimuaren eta porrotarekiko tolerantziaren artean.

  • Eskola-jazarpena edo bullying-a moduko gertaerak autoestimu baxuarekin lotuta daude zuzenean edo zeharka.
  • Estresarekiko tolerantzia handia duten pertsonek hari aurre egiteko modu egokia hautatzen dute, horretarako beharrezko baliabide pertsonalak dituzte eta eraginkorrak dira soluzioak bilatzeko, eta horrek guztiak zuzenean eragiten du haien bizitza-asebetetasunean.
  • Enpatiaren eta portaera prosozialaren eta erasokortasuna galarazteko duen zereginaren arteko harremanak erasotzaileek edo horien biktima direnek baino ezagutza enpatiko handiagoa edukitzea ahalbidetzen dio.
  • “Hira”, hots, bortxakeria edo etsaitasun zuzena gauzatzea, “indarkeria” eta “segregazioa” zeharkako indarkeriarako formula gisa, enpatiarekin koerlazionatzen dira, hain zuzen, nerabearen enpatia maila txikiarekin.

Ondorioa da, osasun mentalaren inguruan lan egiten dugunok, eta laster heldu izango direnen gaitasunen formazioaren ardura dugunok tresna komunak ditugula, eta une jakin batzuetan elkarrekin lan egitea ahalbidetzen digula horrek. Ikusi dugunaren arabera, zeharka eta aldi berean jardun behar duten tresnak ditugu. Ispilu modu bat, non batzuek erabakiak hartzea eta horrek epe labur, ertain eta luzean duen ondorioa azter dezaketen; eta besteek pertsona “osasuntsuengandik” hauteman ahal izango duten bizimodu osasungarri eta normalizatuagoari aurre egiten ahalegintzeko indarguneak badituztelako balioespena.

WEB UNIVERSIDAD REY JUAN CARLOS