Osasun mentaleko eta integraziorako arazo larriak dituzten haur eta gazteentzako proiektua da, eta datozen asteetan zabalduko da.
Arrasateko San Juan de Dios Ospitalea Lehen Hezkuntzako ikasleentzako osasun mentaleko proiektu batean eta haur eta gazteentzako unitate berri batean murgildurik dago; eta Arrasate eta Donostiako ospitaleetako gerentearen arabera, «datozen asteetan zabalduko da». Bi zentro horiek «berezko esperientziarekin eta Ospitale Ordenarenarekin, haur eta gazteen eremuan jartzen ari dira arreta, eta, horretarako, oso garrantzitsuak dira bai EKKO programa, bai Arrasaten zabalduko den Haur eta Gazteentzako Unitatea».
Gainera, Ospitale hori bera da Aretxabaleta eta Eskoriatzako gazteei, haien familiei eta irakasleei zuzenduriko EKKO programaren aitzindaria, eta horren bidez ekingo dioten Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako ikasleen mendekotasunen prebentzioari.
Proiektu hau 2018/2019 ikasturtean Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean garatutako lehenengo programa batean hautemandako arazoei erantzuteko sortua da; izan ere, programa hura –UDA proiektua– substantzien kontsumoaren inguruko diagnostiko bat lantzeko egin zen, Aretxabaletako Kirol Taldeak taxutu eta Arrasateko San Juan de Dios Ospitalearen laguntzarekin gauzatua.
Lehenengo esperientzia haren emaitzak kezkagarriak izan ziren, eta Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailatik laugarrenera arteko ikasleen artean kontsumo maila altua hauteman zen; bai eta autoestimu baxuarekin, arriskuen pertzepzioarekin eta erabakiak hartzeko trebetasun maila baxuarekin loturiko bestelako arazo batzuk ere. Azken hiru urte hauetan nerabe horiekin lanean jarraitu du San Juan de Dios Ospitaleak eta lortu du substantzien kontsumoa murriztea; baina garrantzi handiko bestelako arazo batzuk hauteman dira, hala nola, antsietatea, elikaduraren nahasmendua eta tekno-mendekotasunak.
EKKO proiektua portaera arriskutsuak saihesteko trebetasun sozialak hobeto barneratzeko eta garatzeko sortu zen.
Pandemiak muga bat ezarri du Espainiako osasun mentaleko arazoen ikusgarritasunaren lehenaren eta orainaren artean. Gaur egun, lehen baino kontzienteago gara adi egon behar dugula, segur aski, pandemia-oste honetan aurre egin behar izango zaion osasun-erronkarik garrantzitsuenetakoa izango den pandemia isil honen aurrean. Hala eta guztiz ere, eta gaixotasun mentalen kasuan ezezaguna zen ikusgarritasunean aurrerapausoak eman diren arren, badira oraindik haur eta nerabeen kasuan gaixotasun horiei behar besteko garrantzia eman, arrakastaz aurre egin eta etorkizunerako pertsona heldu osasuntsuak trebatzea eragozten duten estigmak eta aurreiritziak.
Donostian hedatuko den erreferentziazko sarea
San Juan de Dios osasun mentaleko erreferentzia da Espainian eta 21 dispositiboko sarea dauka. Sare horren bidez, arreta-eremu honetako aniztasuna eta konplexutasuna hartzen du bere baitan: egonaldi ertain eta luzeko egoitza, kanpo kontsulta, egoitza eta akutuekin, bai eta errehabilitazioaren eta gizarteratzearen eremuak ere, enplegurako zentro berezi eta tutoretzapeko etxebizitzen bidez; eta horiei esker, pertsona askok independentzia eta gizarteratze eta laneratze proiektuei ekiteko aukera dauka.
21 dispositibo horiei beste bat gehituko zaio datorren urriaren 17an. Donostiako San Juan de Dios Ospitaleak Errondo Gure Etxea zabalduko du: gizarte-bazterkeria larrian dauden eta osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonentzako eguneko eta egoitza-zentroa, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin itundutakoa.
Muturreko zaurgarritasun egoeran eta etxerik gabe dauden gizon eta emakumeen bizi-kalitatea hobetzeko xedez, zentroak arreta soziosanitarioa eta osasun mentalaren alorrekoa eskainiko die, haien gizarteratzea eta autonomia pertsonala sustatzeko bestelako laguntzekin batera.
Zentro berriaren instalazioak Ospitaleari atxikita daude, eta 30 plazako egoitza bat dauka; egoitza horrek, bazterkeria larria pairatzen duten emakumeentzako unitate bereizi bat eta 24 plazako eguneko zentro bat dauzka.
125 urte osasun mentalarekin konprometituak
2021. urtean, ia 400.000 lagun artatu zituen San Juan de Dios Españak patologia horiei loturiko kanpoko kontsultetan; eta bere 2.174 ospitale-plazetan 7.200 lagun baino gehiago artatu zituen; ospitale-egonaldiak 665.000tik gorakoak izan ziren eta 10.100 lagun artatu ziren larrialdi psikiatrikoetan. Eguneko ospitaleek 290.800 saio eskaini dizkiete arlo horretan tratamenduren bat behar izan duten 6.000 laguni.
Datu horiek argi erakusten dute San Juan de Dios-ek osasun mentalarekin duen konpromisoa. Izan ere, eremu horretako erreferentea da duela 125 urtez geroztik, Arrasateko San Juan de Dios Ospitaleak datorren urtean beteko dituenak beste, hain zuzen.
Ikusaraztea eta sentsibilizatzea
Nahasmendu mentala pairatzen duten pertsonei ahotsa eskaintzea da San Juan de Diosen beste lan-arloetako bat. Osasun mentala sustatzeko haren ondorioak ikusarazi behar dira; begiradak aldatu eta errealitate horiek eraldatu; ezjakintasunaren ondorioz, diskriminazioa eragiten baitute.
Ordenak hainbat sentsibilizazio-programatan dihardu lanean: gaixotasun mentala duten pertsonen ikastetxeetarako bisitak, esaterako, beldurraren hesia eraisteko, eta gainerakoekin batera bizitzerik badutela ikusarazteko. Horrez gain, gaixotasun mentala duten pertsonak protagonista diren hainbat ekimen bultzatzen ditu. Horren adibidea da San Juan de Diosek ekoitziriko “Des-Nudos”, gazteei eta osasun mentalari buruzko dokumentala. Proiektu horren xedea da gazteek osasun mentalari buruz duten iritzia aintzat hartzea. Zazpi gazte ageri dira inguruko beste zazpi pertsonarekin hizketan, eta hitzaren, entzutearen eta barneko gogoeten bitartez, osasun mentaleko arazoekin bizitzea zer den azaltzen dute.
“El teatro de la vida” sentsibilizazio alorreko beste proiektu honen bidez, estigma gainditu nahi du San Juan de Diosek. Osasun mentaleko nahasmendua duten zein ez duten gazteentzako sorkuntza artistikoa da; horren bidez, San Juan de Dios Españako zentroetatik eta beste zentro laguntzaile batzuetatik etorritako 18 eta 25 urte bitarteko pertsonek hainbat sorkuntza-saiotan hartu zuten parte 2022ko uztailean, eta horren emaitza izan da Sant Boi de Llobregaten, Cal Ninyo antzokian estreinatu zuten antzezlana.