Arrasateko San Juan de Dios ospitalean 17 pertsona ari dira une honetan boluntario-lanak egiten.

Horietako zortzi unibertsitateko ikasleak dira, eta astero hurbiltzen dira poza eta adiskidetasuna ekartzeko; besta lau, senitartekorik ez duten edo baliabide ekonomiko gutxi dituzten erabiltzaileei kanpoan laguntzera astero edo hamabost egunean behin etortzen dira, eta jarduera ludikoak egiten dituzte: paseoan ibili, erakusleihoak begiratu, zerbait jan, kafea hartu edo liburutegira joan. Beste bi lagun ipuin-kontalariak dira eta hamabost egunean behin etortzen dira beren istorioekin magia egitera, eta gure erabiltzaileak protagonista sentiarazten dituzte istorio horietan parte hartuz, amets eginez eta oroitzapenak eta ilusioak piztuz. Astero, pertsona bat etortzen da kantuan otoitz egitera, pozez beterik otoitz egiteko, eta ostiraletan, musika, poesia eta dantzarekin ematen dio amaiera asteari. Azkenik, beste bi boluntariok sukaldaritza eskolak eta jolasak eskaintzen dituzte, eta berdintasunean aritzen den talde ederra osatzen dute.

Horiek denak pertsona eskuzabalak dira, altruistak, gure erabiltzaileen bizimodua aldarazten dutenak eta haien jarduerekin zoriontsu sentiarazten dituztenak. Gainera, bizitzaren hainbat etapatan laguntzen diete, eta haien egoera emozionala hobetzeaz gain, aurre-iritziak hausten eta estigmak gainditzen laguntzen dute.

Pandemiaren une hauetan inoiz baino gehiago konturatu gara zer garrantzitsuak diren gure bizitzan, eta aukera hau baliatu nahi dugu egiten duten lan zoragarri horrengatik gure eskerrik beroena helarazteko.

Boluntarioen jarduna funtsezkoa da San Juan de Diosen Ordenarentzat zaurgarritasun-egoerei aurre egiteko, osasun arrazoiak izan zein arrazoi sozialak izan. Gracia Polo, Espainiako San Juan de Diosen Boluntarioen Sailaren zuzendariak azaltzen duenez “Ordenarentzat harrotzeko modukoa da halako gizatalde handia edukitzea Espainia osoan; izan ere, haien lanari esker, artatzen ditugun pertsonek arreta goxoa eta gizatiarra jasotzen dute; eskura ditugun baliabide guztiekin teknikoki artatzea baino askoz harago doan arreta. Finean, zeregin altruista eta solidario zoragarria eskaintzen dute, eta hori balioetsi eta eskertu egin behar da, guk helburu dugun aldaketa soziala bultzatzen duelako”.

Elkartasun arloaren baitan, San Juan de Diosek Boluntarioen saila dauka, eta sail hori bere denbora eta ahalegina gehien behar duten pertsonen bizimodua hobetzeko zereginetan ematea erabaki duten 3.300 lagunek osatzen dute. Zeregin hori hainbat alorretan arreta eskainiz gauzatzen dute: ospitale-alorra, arlo soziala, osasun mentala, desgaitasun intelektuala, haurtzaroa, pertsona nagusiak, nazioarteko kooperazioa eta gizarte-ekintza.

San Juan de Diosen boluntarioek akonpainamendu-lana egiten dute batik bat, eta laguntza emozionala eskaintzen diete pertsonei, baina kudeaketak egiten eta medikuarenera joaten ere laguntzen diete. Gainera, haietako askok familia-arnasgune egitarauetan ere parte hartzen dute, San Juan de Diosen zentroetan eskaintzen diren zerbitzuetan lagunduz, lanerako tailerretan, eta profesionalekin batera jardunez prozesu terapeutikoetan. Ordenak artatzen dituen pertsonen aisialdiko jarduera ludikoetan ere haiek laguntzen dute, eta San Juan de Diosen Arreta Espiritual eta Erlijiosorako Zerbitzuarekin ere lankidetzan aritzen dira. Gainera, bestelako zereginak ere egiten dituzte, interbentzioa, informazioa eta aholkularitza.

Beste alde batetik, kudeaketa eta sentsibilizaziorako boluntarioak ere baditu Ospitale Ordenak, aholkularitza, administrazioa eta logistika, ekitaldien antolaketa, funtsen eta baliabideen bilketa eta hedapen eta sentsibilizazio lanetan laguntzen dutenak.

Ekimen jarraituko boluntario horiez gain, urtero 1.700 lagunek esku hartzen dute Ospitale Ordenarekin, egitarau edo proiektu jakin batzuetan unean uneko laguntza boluntarioa eskainiz, betiere gaixotasun edo muturreko zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen bizimodua hobetzeko helburuarekin.

Boluntario nazional eta nazioartekoek egikera berrasmatu dute Covid-19aren aurrean

Bizi dugun Covid-19aren pandemia honetan, Espainiako San Juan de Diosen boluntarioak buru-belarri ari dira isolamendua, zaurgarritasuna, nagusien bakardadea, elikagai eta higiene produktuen eza pairatzen duten pertsonei erantzuten; halaber, haurrei arreta egiten ere, beste ekintza batzuen artean, eta ez-presentzialtasunera egokitu eta esku-hartze premiazkoetan soilik agertzen dira zentroetan aurrez aurre.

Testuinguru horretan, hainbat ekintza jarri dituzte abian boluntarioek, eta teknologia berriekin batera, bideokonferentzien, lineako talde-jolasen edo tailer birtualen bidez, lotura afektibo berriak piztu dituzte.

Pandemiak nazioarteko boluntarioak lurraldera iristea ere eragotzi zuen. Juan Ciudad ONGD, egitarau hori kudeatzen duen erakundeak lineako boluntario-ekimen bat jarri zuen abian 2020aren erdialdean, eta Peru, Bolivia, Txile eta Kolonbiako zentroetan garatu da tailer, formazio- eta aholkularitza-saio eta informazio eta esperientziak trukatzeko bestelako jardueren bidez.

San Juan de Dios Ospitale Ordena

San Juan de Diosen ospitale ordenako Espainiako San Juan de Dios Probintzia erakunde katolikoa da, irabazi asmorik gabea, eta XVI. mendean sortua.

Pertsonarengan oinarritzen den arreta-ereduari jarraitzen dio eta egungo gizartearen erronkei egokitzen zaie pertsonen osasuna eta haien bizi-kalitatea sustatzeko eta hobetzeko, genero, sinesmen edo jatorriagatiko inolako bereizketarik egin gabe eta gizarte bidezko eta solidarioagoa sortzeko helburuarekin.

Espainian, San Juan de Diosen Ospitale Ordenak urtean ia milioi eta erdi pertsona artatzen dituzten osasun, gizarte, irakaskuntza eta ikerketa- zentro ditu Espainian, gaur egun 188 anaia ditu ordenak; 15.000 profesional, ia 5.000 boluntario eta hainbat eta hainbat dohaintza-emaile eta ongile.

Munduan, Ospitale Ordena 52 herrialdetan dago, eta 402 obra apostoliko eta osasun- eta gizarte-zentro ditu. Guztira, urtean hiru milioi pertsona baino gehiago artatzen ditu. Gainera, 1.020 anaia, 63.000 profesional eta 23.000 boluntario ditu.

Boluntarioen historiak

Xavierren historia: https://www.youtube.com/watch?v=KqkxApYq3Cs

Beatrizen historia: https://www.youtube.com/watch?v=XB5y9gBpx_Y

Fernandoren historia: https://www.youtube.com/watch?v=XJfLHkk3qws

Estelaren historia: https://www.youtube.com/watch?v=OVuOFl6ghek

Conchiren historia: https://www.youtube.com/watch?v=OVuOFl6ghek