Afrika, Latinoamerika, Europa eta Ekialde Hurbileko 30 herrialdetatik iritsi dira, eta Espainiako San Joan Jainkoarenaren 11 zentrotan eta Ahizpa Ospitalekoen 2 zentrotan artatu dituzte.

2022an, San Joan Jainkoarenaren Nazioarteko Harrera eta Babes Programako enplegu-programan parte hartu zuten helduen % 65ek lan-kontratua lortu zuen.

Espainiako San Joan Jainkoarenaren Nazioarteko Harrera eta Babes programak arreta pertsonalizatua eskaintzen die iheslari eta asilo-eskatzaileei, haien beharrizanen arabera eta bakoitzaren independentzia ahalbidetuz.

Madril, 2023ko ekainaren 20a – Espainiako Ordenaren Nazioarteko Harrera eta Babes Programako profesionalen taldearentzat etengabeko erronka dira iheslarien kultur, jatorri eta adin aniztasuna. Hala, 2023ko lehenengo seihilekoan 800dik gora  lagun artatu dituzte, horietatik % 36 adingabeak. Arreta pertsonalizatua eskaintzen zaie, abegikortasunean oinarritua eta bakoitzaren beharrizanetara egokitua. Ondorioz, errazago integratzen dira eta, horri esker, 2022an, San Joan Jainkoarenak artatutako iheslari helduen % 65ek lan-kontratua lortu zuen. Hala eta guztiz ere, etxebizitza aurkitzea da erronkarik gogorrena; oso garestiak direlako, eskaintza mugatua delako eta bete ezin diren betekizunak eskatzen dituztelako.

Andrei errusiarra da, eta Ukrainan bizi zen gerra hasi zenean. Orain Leonen bizi da, San Joan Jainkoarenaren zentroan harreran. “Badakit zer den zure bizitza bi maletatan bildu eta hutsunerantz abiatzea”, dio Andreik, zeinak “etxeko atarian bertan jipoitu nindutelako” eta egoera jasanezina bihurtu zelako irten behar izan zuen Ukrainatik. Andreik bezala, beste errusiar askok ikusi du bere burua erbesteratzera behartuta, zentsura gogortu delako, armadara deitzen dutelako edo LGTB+ komunitatearen kontrako errepresiogatik. “Gure familia oso homofoboa da, eta ez naute gizakitzat hartzen. Izan ere, nire etxetik ihes egin behar izan nuen”, aitortu du beti besteak laguntzeko prest dagoen gazte honek. Espainiara iritsi zenetik, berak dioenez, “hemen seguru sentitzen naiz, eta nire jendea aurkitu dut”.

Andreik bezala, egunez egun milaka lagunek utzi behar izaten dute beren etxea gatazka armatuen, jazarpenaren edo indarkeriaren ondorioz. 2023ko lehenengo seihileko honetan, Ospitale-ordenak 800dik gora (% 36 adingabeak) iheslari artatu ditu Espainian Nazioarteko Harrera eta Babes programaren barruan. Programa hori San Joan Jainkoarenaren 11 zentro eta Ahizpa Ospitalekoen 2 zentrotan gauzatzen da.

Programa hori Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren Harrera sistemaren parte da, eta ostatu segurua eta jatekoa emate hutsa baino urrunago doa. 18 hilabetean arreta pertsonalizatua eta akonpainamendua eskaintzen diete bakoitzaren premien arabera; haien autonomia sustatzeko eta dakartzaten traumen berroneratze emozionala lortzeko.

San Joan Jainkoarenean 2017an hasi zen Harrera Programa hau, eta ordutik hona, mundu osoko 36 herrialdetako 1.900dik gora iheslari eta asilo-eskatzaile artatu dituzte: Ukraina, Errusia, Afganistan, Siria, Yemen, Senegal, Nigeria, Etiopia, Honduras eta Venezuela, besteak beste. ACNURen arabera, egunetik egunera gehiago dira nahitaezko desplazamendua pairatzen duten pertsonak, eta 110 milioi lagun dira gaur egun. Arrazoi nagusia gatazka armatuak dira; ondoren, jazarpenak, diskriminazioa eta bestelako indarkeria mota batzuk.

Errealitate horren aurrean, Juan Jose Afonso, Espainiako Ospitale Ordenaren zuzendari nagusiak, hauxe adierazi du: “San Joan Jainkoarenean jakitun gara pertsona horiek oso ahul iristen direla gure herrialdera, eta, horregatik ahalegin berezia egiten dugu haien autonomia eta gizarteratzea ahalbidetzeko. Lan egitea da arrakastaz gizarteratzea lortzeko lehenengo urratsa”. Gaur egun, bereziki zaurgarriak diren kolektiboak artatzen ditu Ordenak, hala nola pertsona nagusiak, gaixotasun larridunak, adingabeko seme-alabak dituzten guraso bakarreko familiak, desgaitasuna duten pertsonak, buruko nahasmena dutenak eta torturen edo bestelako indarkeria motaren baten biktimak.

Merlys Mosquerak, Espainiako San Joan Jainkoarenaren Nazioarteko Harrera eta Babes Programaren arduradunak, halaxe azaldu du: “Arreta integrala esaten dugunean etxe-eremu seguruaz gain, akonpainamendu psikologiko eta lege-arlokoa ere esan nahi dugu, eta, halaber, enplegu eta formaziorako ibilbideak ere egiten dituzte, bakoitzaren profilaren eta iguripenen arabera”. Arreta integral horren barruan adingabe guztien eskolaratzea ere sartzen da, harrera-hizkuntza ikastearekin batera, beste jarduera batzuen artean. Horretarako, pertsona horiek harreran hartu eta laguntzen dituzten San Joan Jainkoarenaren zentroetako lan taldeak diziplina anitzekoak dira, eta psikologoez gain, gizarte-arloko (langile, hezitzaile eta integratzaile) edo osasun-arloko profesionalak ere badaude bertan.

Lekukotzak

Yanetek bere senarra eta seme-alabekin batera egin zuen ihes Colombiatik 2022an, “gertaera bortitz eta beldurgarriengatik”, bere hitzetan. “Orain eskerrak ematen dizkiot Jainkoari Espainian egoteagatik, hain denbora laburrean, laguntza, segurtasuna eta berrian berritik hasteko aukera eskaini digun herrialdean”. Bertara egokitzea eta haien ohiturak, gustuak, zaletasunak eta bizitzeko modua aldatzea kosta egin zaiela ere azaldu du. Gaur egun Yanet eta bere familia Palentziako San Joan Jainkoarenaren Urgazpen Zentroan daude harreran. Handik helarazi du bere eskerrona, “izan ere, enpatiarako gaitasun handiko pertsonez beteriko erakundea da, besteen oinazearekin bat egitea lortzen dutenak eta egunez egun, negar malkoen artean migratzaile garen guztientzat etorkizun hobea lortzen ahalegintzen direnak.

Rachel eta Yasmanis eta haien bost urteko semea kubatarrak dira, eta joan den otsailaz geroztik Granadako Calahondako San Joan Jainkoarenaren Ospitale Ordenaren Nazioarteko Babes Zentroan daude. Herritarrek bizi zituzten eta pandemiak larriagotu zituen baldintza gogorren aurka 2021ean egin ziren manifestaldien aurka Kubako gobernuaren errepresalien ondorioz egin zuten ihes bertatik; izan ere, manifestazio baketsuaren ondoren Yasmanis kartzelaratu eta aske utzi ondoren ere jazarri egiten zituzten. Errusia, Serbia, Bosnia, Kroazia, Eslovenia eta Italia zeharkatu zituzten Espainiara iritsi aurretik, horixe baitzen etorkizuna amesten zuten lekua. Oinez zeharkatu dituzte ibaiak, mendiak eta mugak, arriskuak saihestuz eta bereziki sufrituz semearen segurtasunagatik. “Hemen dena barneratzen laguntzen digute, maitatuak sentitzen, lasaitasuna eta konfiantza berreskuratzen eta gure familiarentzat etorkizun erreal eta hobea izango dela sinesten”, diote senar-emazteek.

Nadiia Ukrainakoa da, eta urtebete baino gehiago darama Espainian. Gaur egun, Madrilgo Ciempozueloseko San Joan Jainkoarenaren zentroan dago harreran. “Autismoaren espektroko nahasmendua duen semea dut, eta behar dituen tratamenduak eta hezkuntzarako aukera jasotzen ari da –azaldu du Nadiiak. Hemen badu etorkizunik, Ukrainan ezinezkoa zen”. Bere nahia da dermatologo gisa jardun ahal izatea Espainian bertan. San Joan Jainkoarenaren Zentroari eskerrak eman nahi dizkio eman dion aukeragatik, bereziki, semearen zaintzari dagokionez.

Escarlet, lekukotza eskaini duen emakumearen fikzioko izena, 2021ean iritsi zen Espainiara tratu txar emailearengandik ihesi, eta 15 asteko haurdun. “ni bikotekideak tratu txarrak eragiten zizkidan, abortatzera behartu nahi ninduen eta ia umea galdu ere egin nuen; beraz ihes egitea erabaki nuen, nire semea babesteko, ondo jaio zedin eta zoriontsu izan zedin”. Eta erantsi du “San Joan Jainkoarenean abegikortasun handia sentitu dut, egoera zail batean zaudenean behar duzun laguntasun eta besarkada hori”. San Joan Jainkoarenaren Harrera Programaren baitako Fundació Germà Tomàs Canet zentroan emakume iheslarien, asilo-eskatzaileen edo genero-indarkeria pairatu duten emakumeen harrera zerbitzua daramaten bost emakumeetako bat da orain. Kolonbia, El Salvador eta Ekuatore Gineakoak dira.